Makurtuta zebilen gizona
goizero egiten zuen kalean gora,
zerua orrazten zuten eraikinetaraino,
berriro atzera egiteko
urteetan zapaldutako espaloiaren babesean.
Zorua miatzen zuen gizonak
kalean gora egiten zuen eguerdian
keaz blaituriko karriketaraino,
berriro atzera egiteko
alboetara begiratu gabe.
Makurtuta zebilen gizonak
arratsaldero egiten zuen kalean gora,
oroitzapenen mugarri gardenetaraino.
Berriro atzera egiteko,
berriro atzera egiteko,
gogoetak begi zimurretan
metatzen zitzaizkiolarik.
Eta zorua miatzen zuen gizonak,
etxerako bidea hartzen zuen ostontzean.
Berriro atzera egiteko,
denboran atzera egiteko,
zoruan pilatzen ziren iraganeko urratsetan,
bion urratsetan.
Urratsetan.
No hay comentarios:
Publicar un comentario